
ARTE-TERAPIA, Zer da?
​
Hainbat adierazpen bide erabiltzen dituen psikoterapia da.
Arte-terapia psikoterapia AKTIBOA da, eta lengoaia artistiko desberdinak erabiltzen ditu ezagutza eta kudeaketa pertsonalerako.
Elkarrizketa oso garrantzitsua bada ere, ez da komunikazio-bide bakarra. Pintura, eskultura, idazketa, dantza, argazkilaritza, musika, antzerkia eta poesia, besteak beste, oso erabilgarriak dira prozesu terapeutikorako.
Eduki inkontzientea azaleratzea ahalbidetzen dute eta gainera, metodoa ez menderatze horrek, edukia egiazkoa izatea bermatzen du. Horregatik, hobe da ezagutza artistikorik ez izatea. Sormen prozesuan norbanakoaren barneko bizipenak azaleratzen dira eta objektuan esperientzia eta izaera propioak irudikatzen dira. Oso baliagarria izan daiteke ekoizpen guztiak aztertzea barne-eremu berriak arakatzeko eta hala behar bada, horiek eraldatzeko ongizate eta oreka pertsonalaren bila.
METODOLOGIA
​
Prozesuaren garrantzia, emaitza estetikoa kontuan izan gabe.
Arte-terapia egiteko ez da beharrezkoa trebetasun artistikorik izatea; ezagutza teknikoa zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta hobeto. Horrela, obraren izaera gardenagoa da, lengoaia ezezaguna izanda ez baitago edukia kontrolatzeko aukerarik.
Terapiaren indarra prozesuan datza, objektu artistikoaren emaitzak eta teknika garatzeko trebetasunak ez du garrantzirik.
Arteak inkontzientearekin zuzenean lan egiteko aukera ematen du, bien hizkuntza berbera baita, sinbolikoa. Horrela, ekoizpen artistikoaren bidez, ondoeza sortzen duen hori islatzen da, kontzientea egiten du eta eraldaketa ahalbidetzen du. Arte-terapiak duen beste abantailetako bat da barneko ondoeza modu fisikoan askatzeko tresnak eskaintzen dizkizula. Sortzen den materiala prozesurako oso baliagarria izan daiteke. Inkontzientearen espresioaren bidez arazoen sustraira iristea lortzen du. Kasu batzuetan, ez dugu gure traumen eta sufrimenduaren arrazoia ezagutzen eta arte-terapiak beste adierazpen-bide batzuk erabiliz horiek irudikatzeko aukera ematen dizu. Horrela, ezkutuan dagoen edukia azaleratu eta behar bezala kudeatu dezakezu. Ondorioz, barneko zamak pixkanaka askatzeaz gain, blokeoa sortzen ari den sufrimendua modu kontziente eta eraginkorrean eraldatzeko aukera izango duzu. Prozesu hau egiteak ongizate integrala lortzea ahalbidetuko dizu. Gainera, normalean praktikatzen ez den jarduera bat egitean, gutxi trebatutako garuneko eremuak aktibatzen dira eta zentzumenak esnatzen dira. Prozesu sortzaileak psikomotrizitatea hobetzen du, behaketa areagotzen du, sormena indartzen du...
HELBURUAK
​
Ordena, oreka eta harmonia
Bizitzako momentu batzuetan posible da noraezean, apatiko, triste eta motibaziorik gabe sentitzea, eta askotan, ez dugu sentimendu horien zergatia jakiten. Helburuak eta ilusioak lausotuta egon daitezke, nola bideratu jakin gabe. Gatazka baten konponbidea bilatzea zaila izan daiteke blokeoa sortzen duen ezgaitasun sentsazio baten ondorioz.
Horrek guztiak bizi kalitatea gutxitu eta ongizatea oztopatzen duten hainbat erantzun sor ditzake, antsietatea, larritasuna edo depresioa, besteak beste.
Prozesu arte-terapeutikoak ondoezen arrazoia argitzen du eta hainbat adierazpen tresnen bitartez, konponbideak bilatzen laguntzen du. Terapian zehar zure buruarekin konektatzea lortzen duzu eta autoezagutzan sakontzen duzu ondo pasatzen duzun bitartean. Helburuen lorpenerako eta gatazken soluziorako ezagutza handiagoa ere eskuratzen duzu. Horrela, bizitza hobeto kudeatzera iritsiko zara. Orden, oreka eta harmonia maila iraunkor bat mantentzea ahalbidetuko dizu eta bizitza pozgarria izatea erraztu. HELBURU ZEHATZAK •Autoezagutza •Autoestimuaren indartzea •Autonomiaren garapena •Komunikazioaren eta espresio emozionalaren hobetzea •Enpatia, entzute aktiboa eta adierazpen-gaitasuna •Sormenaren garapena •Psikomotrizitatearen hobekuntza •Gaitasun sozialen garapena, ingurura egokitzapena •Gatazken ebazpenerako bideratzea eta kudeaketa emozionala