top of page
Irati Arriola. Psicóloga y arteterapeuta

NIRI BURUZ. Psikologoa (zk.: GZ03431) eta arteterapeuta

 

Gertutasuna, baikortasuna eta entzute aktiboa

 

Eibarkoa jatorriz eta Donostia bizileku, 1989ko ekainean jaio nintzen. Artearen eta sormenaren maitalea izan naiz betidanik eta txikia nintzela, artelanak egiten jarduten nuen nire denbora libre gehienean; gure etxea eta gertuko familiarena objektu artistikoz betetzen nuen. Ondorioz, Arte Eder ikasketak garatu nituen E.H.Un, eta 2012ko martxoan amaitu nituen. 

Abenturazalea eta etengabeko ikaslea izan naiz, horrek denbora batez atzerrian bizi nahi izatera eraman ninduen. Bertan nengoela, arte-terapiarekiko interesa piztu zitzaidan eta Bartzelonako Interart eskola pribatuan master bat eta ikastaro osagarriak garatu nituen lau urtez. Gaztetatik garapen emozionalarekiko interes handia izanik, bidea artearen bitartez egitea oso polita eta sendagarria iruditu zitzaidan. Jaso nuen kalitatezko formakuntzari esker, nire buruarekiko segurtasuna handitu egin zen eta pertsonen bidelagun izatera animatu nintzen. Prozesu terapeutiko horietan pila bat ikasi nuen eta nire gaitasunak eta ezagutza asko indartu ziren. Ondoren, Psikologiako gradua egin nuen pertsonen gogamenaren funtzionamenduaren inguruko ezagutza sakonagoa lortzeko helburuz eta nire trebetasunak hobetzen jarraitzeko asmoz. Nagusiagoa izanik, unibertsitate ikasketa presentzialak egitea oso aberasgarria izan zen akademikoki zein pertsonalki. Jakin-nahi handiko pertsona naiz eta asko gustatzen zait esperimentatzea; gai anitz interesatzen zaizkit eta horien inguruan ikasten saiatzen naiz, nire ezagutza aberasten jarraitzeko. Ondoren, ikuspegi zabal hori bidea nirekin egitea erabakitzen duten pertsonekin partekatzen dut alaitasunez, eskuzabala izanik, eta maitasun handiarekin.

Isotipo blanco Nia arteterapia

NIA​

​

Pertsonaren osasuna bermatzeko zainketa integrala.

​​

Nia esperientzia pertsonal eta profesionalaren eboluzioaren emaitza da. Artea, hezkuntza eta garapen emozionala biltzen ditu. 


Gizakia materiaz gain, energia ere bada. Arrazionala, senezkoa, emozionala… Orain dela gutxi arte, bere gaitasunen zati handi bat itzalpean izan du, biziraupen hutsera bideratuta baitzegoen. Alderdi bakoitza era bereizian aztertu da, guztien arteko elkarreragina alde batera utzita. Hala ere, gaur egun garatzen ari diren hainbat ikerketak erakusten dute adimenaren eta emozioen egoerak eragina dutela gorputzaren osasunean, eta alderantziz. Hortaz, nire ustez, faktore horiek guztiak barne hartzen dituen zainketa holistikoak ahalbidetzen du erabateko ongizatea eta osasuna.
 

Pertsonekin denbora luzez lanean jardun ondoren, hezkuntza emozionalaren gabezia handia dela nabari dut. Adimenaren garapenari garrantzi handia eman zaio eta gainerako alderdiak alde batera utzi dira. Horrek desoreka handia sortu du. Autogestioan eta harremanen kudeaketan dauden zailtasun horiek gatazka asko sortzen dituzte eta pertsona askoren eguneroko bizi kalitatea gutxitzen dute. Niak gaitasun soziala, emozionala, kognitiboa eta kulturala garatzeko konfiantzazko toki bat eskaintzen dizu; horretarako, hainbat adierazpen bide erabiltzen dira. Bizitza pozgarria lortzeko izate osoaren bilakaera errazten duen espazio bat da.

bottom of page